Vistas de página en total

lunes, 24 de marzo de 2014

KL¡K Proiektua [laburpena]

Txosten honen bidez “KL¡K!” Burlatako gazte planerako proiektua aurkeztu nahi dugu. Honekin, parte-hartzea eta kontzientzia aktibatu nahi dugu, hauen motibazioak eta ezinegonak ezagutuz, honela, herriko gazte mugimendua berpizteko arazo anitzi aterabide kolektiboak eman edota sortzeko asmoz. Honetarako, diagnostiko parte-hartzaile baten bidez egoeraren analisia eginen dugu. Diagnostikoaren emaitzei baino, garrantzia handiagoa emanen diogu garaturiko prozesuari berari.

Gaztetasunaren kontzeptua nola ulertzen dugun azaltzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Era dinamikoan definitzen dugu gazte izatea, bere beharrizan eta ezinegonei aurre egiteko, bere ingurumena aztertu eta honi era aktiboan egokitzen zaion edozein pertsona delarik gaztea. 
JUSTIFIKAZIOA

Gure inguruan ikusten dugu nola gazteek arazo amankomunak eta problematika zabal bat sufritzen duten, nahiz eta gure kualifikazio eta gaitasun gehiago eta hobeak ditugun, eta horregatik ulertzen dugu arazoaren erroa dauden baliabideen erabilera desegokia eta garapen txarra dela. 

Gazte politikaren helburuak hurrengoak direla ulertzen dugu: gazteriaren beraren beharrizanei eta interesei erantzutea eta, momentu berean, ongizatearen garapena erraztea. Hau dela eta, gazte politika parte-hartzailea, plurala eta transbertsala izateari baitezpadakoa deritzogu. Honela biltzen da munduko edo bertako erakunde ezberdinen testuetan, hala nola Giza Eskubideen deklarazioan (O.N.U. 1948), Alma-Ata deklarazioan (1978) edo Nafarroako Gazteriaren Lege Foralean (11/2011 Apirilaren 1ª)


Gure herrian, Burlatan, zentratuz, gazteen gehiengo handi baten jarrera pasiboa dugu begietan. Zenbait beharrizanei buru egiteko formulak bilatu dituztenek modu indibidualean egin dute, elkartasuna eta asozioazionismoa atzenduz. Honengatik diogu gazteok sakabanaturik eta bizi dugun prekarietatearen kontzientziarik gabe gaudela. Gainera, gazteei bideraturiko espazioek eta aisialdiak ez dute gazteen arteko harremana indartu, jaien eremuan izan ezik, eta gazteak “bajeretan” babestu gara.

PARTE-HARTZAILEAK

Hiru parte-hartzaile bloke nagusi kokatu ditugu. Hasteko, herritarrak, hau da, Burlatako gazteria, bi talde dituena bere baitan: elkarte edo bestelako taldeetan antolaturik daudenak eta indibidualak, esaterako, lagun kuadrilak. Bigarrenik pertsonal teknikoa dago, herrian modu profesionalean lan eta harreman zuzenak egiten dituztenak. Hauek informazio eta baliabide iturriak izanen dira, orientazio eta jarraipen- laguntzaileak izatearekin batean. Bestalde, pertsonal politikoa izanen da, udalean dauden ordezkari politikoei dagokiena. Agente hauekin egokiak diren prozedura eta formulak erabiliko dira, beren parte-hartzea lortzeko modu kolektiboan zein pertsonalean. Bukatzeko, bidean batzen zaizkigun pertsona guziendako eremu berezia proposatzen dugu. Talde motorra izan gara proiektua kaleratu eta dinamizatuko dugunak. Bestalde, jarraipen taldea osatuko dugu, parte hartzaile guztiei zabaldua dena eta espazio honen helburua izango da prozesua aberastea, informazioa elkartrukatzea eta honen gardentasuna bermatzea.

HELBURUAK

Alde batetik gazteriaren parte-hartzea bilatzen dugu, beren motibazioa eta aktibazioarekin batera, herriko gazte mugimendua biziberritzeko. Gazte mugimendua honela ulertzen dugu: besteekiko errespetuz eta modu antolatuan gazte guztiek lekua duten eremu birtuala, herriko gure eguneroko bizitzak hobetzeko tresna dena. Bestalde, bigarren helburu bat dugu: elkarrekin proiektu amankomunak gauzatzea gazteriaren asoziazioaz eta sare-lanaz.

METODOLOGIA

Diagnostiko parte-hartzailea egiteko, proiektua garatu ahala aldakorrak izan litezkeen metodoak erabiliko ditugu. Baliabidetzat izanen ditugu hala obserbazioan oinarrituriko teknikak nola mintzamenean oinarrituriko teknikak, azkenekoetan elkarrizketa sakonak eta eztabaida taldeak daudelarik. Hauetan, eta orohar proiektu osoan gaindi, parte-hartzaileen aniztasuna berebizikoa izanen da.
LAN PLANA

Hiru epe nagusi ditugu proiektua gauzatzeko planifikazioan:

1. Lehena, proiektuaren planifikazioa eta kondizioak. Honetan diagnostiko parte-hartzailea garatzeko eta gazte plana egiteko egoera ikusi dugu, hala nola planteamendu komunikatiboa, egiturazkoa eta funtzionala.
2. Bigarrena diagnostiko parte-hartzailea bera da eta gazteriaren eremu ezberdinetako errealitateak ezagutzeko eta harreman molde ezberdinak eta parte-hartze kolektiboa sustatzeko asmoz eginen da.
3. Bukatzeko planifikazioaren garapena dugu, eta honetan gazte problematika islatuko da eta alternatiba errealak sortuko dira, gazteria osorako erreferentzia espazio bat lortzeko.

BALIABIDEAK

Pertsonalak zein materialak dira, eta azkenotan espazioari (Gaztelekua, kaleak, plazak etbar) garapen komunikatiboari (sare-sozialak) eta metodologia martxan jartzeko baliabideei dagozkienak daude.

EGUTEGIA

Planaren epeekin baterako egutegia finkatu da hasiera beretik. 2013ko irailetik 2014eko urtarrilera arte, prozesurako baldintzak sortzeari eta planifikatzeari dagokien lana dago. Diagnostiko parte-hartzailerako 2014ko otsailetik 2014ko maiatzerako bitartekoa finkatu zen. Urte bereko ekainetik urrira arte, planifikazioaren garapena, eta hortik aitzinera gazte plan beraren garapena, honen etengabeko jarraipenarekin batera.

EBALUAZIOA

Prozesuaren ebaluazioa jarraitua, zabala eta dinamikoa izanen da, kalitateari kantitateari baino arreta gehiago eskainiz. Hainbat alderdi ebaluatuko dira, taldearen egoera eta lana, antolatuko diren aktibitateak, planaren garapena, parte-hartze erantzuna, etabar. Ebaluaketa talde motorearen, jarraipen taldearen eta parte-hartzaile berberen artean eginen da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario